lunes, 27 de diciembre de 2010

Minibasket_Bote ariketa

Jokalariak bi ilaratan banatzen ditugu. Ilara bateko jokalariek bi baloi izango dituzte, eta besteak baloirik gabe egongo dira. Baloia duten jokalariak, banaka, irudian agertzen den moduan, konoak inguratuko dituzte bi baloiak botatzen ari direla. Azken konoa inguratzean, baloi bat lagunari pasa eta bestearekin sarrera bat egingo du.

Pasea jaso duen jokalariak, errebotea jaso, eta bi baloiekin beste ilarara joango da.

Minibasket kategorian, oso garrantzitsua da teknika indibiduala lantzen duten ariketak egitea. Kategori honetan sarrerak, pasea, botea eta tiroa era egoki batean lantzen baditugu, infantiletan taktika kolektiboa irakatsi ahal izateko denbora gehiago izango dugu.

jueves, 23 de diciembre de 2010

Etorkizuna_Gordon Hayward

Izena: Gordon Hayward
Jaiotze data: 1990/03/23
Lekua: Brownsburg, Indiana, EEUU
Posizioa: Aleroa
Altuera: 206 zm
Taldea: Utah Jazz (NBA)
Gordon Hayward, aurten NBA-an sartu den kalitate eta elegantzia handiko alero bat da. Pasa den draft-ean 20. postuan aukeratu zuen Utah Jazz taldeak. Nahiz eta minutu kopuru txikia jolasten ari den, etorkizun handiko jokalaria dugu.

20 urteko gazte hau, pasa den urteko NCAA-ko txapelketako jokalari onenetakoa izan zen. Butler Bulldogs unibertsitate txikian aritu zen. Hala ere, unibertsitate apal hau txapelketaren finalera eramatea lortu zuen. Talde honetako gidari, Gordon Hayward, Shelvin Mack eta Matt Howard ziren.

Final handian, ordea, Kyle Singler eta bere Blue Devils-ak izan zituzten aurkari eta Gordon Hayward-ek kanpo erditik gutxigatik huts egin zuen jaurtiketa baten ondoren, ezin izan zuten ametsa egi bihurtu.

Igo dudan aurreneko bideoa, Gordon Hayward-en jokaldi onenen nahasketa bat da. Bigarrengoan NCAA-ko final hartako laburpen bat ikusi dezakezue.

Estadistikak:
-2008-2009: 13.1 pt, 6.5 reb, 2.0 asist,
-2009-2010: 15.5 pt, 8.2 reb, 1.7 asist,



lunes, 20 de diciembre de 2010

Gabonetako Entrenamenduak

Nahiz eta nire asmoa egun gehiagotan entrenatzea zen, aurtengo gabonetan bi egunetan entrenatuko dugu soilik. Opor hauetan ikastea tokatzen zaidanez, ezinezkoa zait egun gehiagotan azaltzea. Hauek izango lirateke bi egunak:

-Abenduak 30, osteguna.
-Urtarrilak 04, asteartea.

Gogoan izan urtarrilak 08-an partidua dugula Easo 96 amara taldearen aurka eta irabazi nahi badugu entrenatzeko beharra dugula.

Entrenamenduak goiz edo arratsaldez egin ditzakegu. Zuek esan ea zer ordutan nahiago duzuen. Erantzunak blog-aren sarrera honetan ala txat-ean egin ditzakezue. Blog-a irakurtzen ez dutenei abixatu ikastolan eta erantzun bat eman dezatela.

Ondo pasa oporretan!!

domingo, 19 de diciembre de 2010

STL-La Salle (78-29)

Hiru aste partidurik jokatu gabe egon ondoren, La Salle-ren aurka berriz ere garaipenaren bidera itzuli gara. Berriro ere, sei pertsona jokalari bakarrik ginen, baina, denboraldi osoko gaitza izango den honetara ohitu garela dirudi.

Partida honetan, ordea, aurkako taldea ere sei jokalarirekin azaldu zen eta dirudienez, aurreko asteetan izan genituen falta arazoak beraiei jasatea tokatu zitzaien atzo. Gure aldetik Xabier izan zen falta arazoak izan zituen bakarra, aurreneko zatian hiru egin baitzituen. Hala ere, partida amaieran falta kopuru berdinarekin amaitu zuen, bigarren zatian lasaitasun osoarekin jolastuaz. Bestalde, bereziki Martin zoriondu beharko genuke, denboraldi honetan bigarren aldiz, partidua bost falta egin gabe amaitu zuelako.

Norgehiagoka hasieratik gure menpe egon zela esan genezake. Ez genuen defentsa aldaketarik egin behar izan eta partidu guztia banakako defentsan eginda eroso sentitu ginen. Aurreneko laurdeneko partziala 20-8-koa izan zen gure alde eta huts egindako zazpi jaurtiketa libreak izan ziren puntu negatibo bakarra.

Bigarren laurdenean diferentzia are eta handiagoa izan zen (22-7) eta atsedenaldira partida ia erabakia uztea baimendu zigun. Laurden honetan, kontraeraso bidez lorturiko puntuak oso ugariak eta garrantzitsuak izan ziren.

Partiduko bigarren zatian, nahiz eta hirugarren laurdenean intentsitatea pixkat jeitsi, gure nagusitasuna argi geratu zen. Nagusitasun honek, azken minutuetan partiduaz gozatzea ahalbidetu zuen eta aipagarria izan zen benetan, Iñigo-k azken minutuan egindakoa. Denbora honetan, kanasta bat eta bi hiruko ikusgarriei esker, zortzi puntu sartzeko gai izan zen. Zorionak!
Laurdenak; 20-8, 22-7, 13-6, 23-8

Ondo egindakoak:
-Jokalari guztiak garrantzitsuak izatea lortu genuen. Taldean gutxi izanda, hau bereziki garrantzitsua da.
-Kontraerasoa ondo antolatu genuen.
-Partidu guztian intentsitatea maila egoki batean mantendu genuen.
-Aurreko asteetako falta arazoak hobetzea lortu genuen.

Hobetu beharrekoak:
-Nahiz eta 29 puntu bakarrik jaso, badira defentsan hobetu beharreko gauzak.

viernes, 17 de diciembre de 2010

Zona barruko mugimenduak

Denboraldi baten bukaeran egin ohi diren jokaldi onenen bideoetan, hiruko marratik kanpo jolasten duten jokalariak izan ohi dira protagonismo gehien izaten dutenak. Zona barruko jokalariak, azaldu ezkero, beren mate eta erakustaldi fisikoengatik gogoratu ohi dira.

Hala ere, saskibaloian zona barruan teknika paregabe eta elegantzia handiko jokalari bat ikustea baina gauza gozagarririk ote dagoen dudatan ari naiz. Kanastatik gertu jolasten duten jokalariek, defentsa beti kontaktuan eta pega-pega eginda edukitzen dute. Horregatik, hain gorputz handiko jokalari batek mugimendu arin eta lirain batekin defentsa gogor horiek puskatzea ez da erraza izaten.

Badira, ordea, abilidade hau duten hainbat jokalari. ACB-n azken urteotan pasa diren mota honetako jokalari esanguratsuenak Luis Scola eta Tiago Splitter lirateke. David Doblas bera ere, iaioa da zona barruko mugimendu hauetan.

Hala ere, seguraski, saskibaloiaren historian izan den pibot azkar, arin eta finena Hakeem Olajuwon izan daiteke. Gaurkoan ekarri dizuedan bideo honetan, bere NBA-ko karreran egin zituen jokaldi onenak daude. Bideoaren hasieran bere hasierako urteetan utzitako mate, tapoi eta erakustaldi fisikoak ikus ditzakegu, baina aurrera doan ahala, bere karrera amaierarako ikasi eta erabiltzen zituen mugimenduak azalduko zaizkigu. 10 minutuko iraupena du, baina merezi du denbora pixkat artu eta gozatzea.

martes, 14 de diciembre de 2010

Historia: 9 triple eta lapurreta bat

Baskonia zale guztiok jakin beharko luketen historiako pasarte bat ekarri dizuet gaurkoan. 2000-2001 denboraldia zen eta TAU baskoniak Mindaugas Timinskas, Saulius Stombergas, Chris Corchiani eta Victor Alexander-en fitxaketei esker, Euroligako talde onenetako bat izatea lortu zuen.

Hala ere, Baskoniak, ez zuen Europako beste talde askok zuten izenik, eta dirudienez, ez zegoen interes gehiegirik finalera iritsi zedin. Ondorio honetara iristeko, Atenas-en AEK-ren kontrako partidan gertatu zena ikustea besterik ez dago:

domingo, 12 de diciembre de 2010

Historia: Bi mate

Gaurkoan, Baskoniako jokalari batek egindako bi mate ezagunenak ekarri dizkizuet. Aurrenekoa Elmer Bennett-ek eginikoa da 1999-ko Kopa-ko finalean. Kopa hura Baskoniak irabazitako bigarrena izan zen eta Elmer Bennett izendatu zuten txapelketa hartako jokalari onena.

Bigarren matea Mindaugas Timinskas-ek burutu zuen 2001-ko Euroligako finalean. Baskoniak, Kinder Bolonia zuen aurrean; Ginobili, Smodis, Rigodeau, Andersen eta Jaric bezalako jokalariekin momentu hartan Europako talde onena zen. Finaleko laugarren partidua zen eta Baskoniak irabazi beharra zuen txapelketa irabaztearekin amesten jarraitzeko. Izugarrizko partidua jolastu eta gero, bostgarren eta azken partida jokatzera behartu zuen Kinder, baina, izugarrizko ikuskizuna eskeini ondoren, azken partida Boloniako taldeak irabazi zuen.


Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...